“Biodibertsitatea eta landareekiko itsutasuna” izeneko STEM-proiektua martxan jarri dugu Hondarribiko Talaia BHI ikastetxean Elhuyarrekin elkarlanean!

Jasangarritasuna lantzeko proiektu inspiratzailea da hau eta ikertzaile, irakasle eta ikasleak elkarrekin arituko gara. Proiektu honen helburu nagusia belardien kudeaketak biodibertsitatean eta funtzionamenduan nola eragiten duen aztertzea da, eta horretarako hipotesi desberdinak planteatuz, esperimentu bat diseinatu dugu Hondarribiko Talaia BHI ikastetxeko DBH2 eta DBH3-ko ikasleekin batera. Metodologia zientifikoa aplikatuz, lehenik 5 x 5 m-ko 4 babesgune sortu ditugu ikastetxeko belardian

eta aldamenean, parez pare, kudeaketa (hots, belar-mozketa) aplikatuko zaien beste 4 eremu definitu ditugu.

Ondoko galdera hauek erantzun nahi ditugu: 1. Zenbat organismo (landare zein animalia) bizi dira belardi batetan eta nolakoak dira?; 2. Nolako elkarrekintzak dituzte euren artean?; 3. Elkarrekintza hauek aldatzen al dira denboran zehar?; 4. Belarra mozteak, hau da, belardiaren kudeaketak nola eragiten du landare eta animalien dibertsitatean eta elkarrekintzetan?

Horretarako, eremu hauek 3 alditan laginduko ditugu ondoko aldagaiak neurtuz: lurzoruko aldagai fisiko-kimikoak (pH-a, tenperatura, hezetasuna, mantenugaiak), lurzoruko fauna (ornogabeak: zizareak, intsektuak, …), landareen konposizioa, belardiaren fotosintesia eta arnasketa, landare ugarienen pigmentu eta proteina kopurua, eta landare eta polinizatzaileen arteko elkarrekintza.

Proiektua amaitutakoan, belardiak hobeto ezagutuko ditugu, belardian bizi diren organismoen (landare eta ornogabe) arteko erlazio eta elkarrekintzak hobeto ulertuko ditugu eta guzti honi esker, ahalik eta espezie gehien bertan bizi daitezen, belardia nola kudeatu behar dugun jakingo dugu.

Aurrekoa